Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

Mankomunitateak bide jasangarri eta eraginkorrenaren bidetik jarraituko du lanean

Abaltzisketa | Aduna | Albiztur | Alegia | Alkiza | Altzo | Amezketa | Andoain | Anoeta | Asteasu | Baliarrain | Belauntza | Berastegi | Berrobi | Elduain | Gaztelu | Hernialde | Ibarra | Ikaztegieta | Irura | Larraul | Leaburu-Txarama | Lizartza | Orendain | Orexa | Tolosa | Villabona | Zizurkil

Azken urteetan Tolosaldeko Mankomunitatearen ibilbidea kudeaketa egoki eta garbian oinarritzen da. Ingurumenarekiko errespetua, eskualde osasuntsu eta jasangarria eta herri bideragarriak helburu ditugunez, gure eguneroko lana hauek  lortzean datza eskualdeko herri guztiekin batera.

Lehengo astean Mankomunitatea osatzen duten herrietako ordezkariekin eginiko batzarrean, hainbat gai onartu  ziren, aurtengoan ere kudeaketa egoki bat egiteko beharrezkoak izango ditugunak.

Hala, hondakinen bilketa zerbitzua ematen digun enpresarekin kontrato aldaketa bat egin dugu, eta honi esker, Mankomunitateak ematen duen zerbitzuak  hobekuntzak izango ditu.

Onuretako bat, kartoi komertzialaren bilketa zerbitzua izango da.  Bilketa gehigarri honen bidez, gaikako bilketa egiteko zerbitzua zabaldu nahi dugu. Era honetara, komertzio eta sortzaile bereziei asteazken eta larunbatetan euren komertzioen kanpoan bilketa egingo zaie, gaikako bilketa handituz.

Kontratuaren aldaketaren parte izango da, Ibarraren bilketa eredu berria ere. Ibarrak ere atez ateko bilketa sistemaren alde egin du, eta ostiralean hasi zen eredu berriarekin. Mankomunitateko batzarrak, osotasunean onartu zituen zerbitzuaren aldaketak.

Eskualdeak hartu duen noranzkoa, geldiezina da dagoeneko. Herriek, lanketa eta plangintza sakonak egin dituzte euren herrietan, eta hori txalotzekoa da. Gauzak ondo egitearen alde ari gara lanean, eta aurrerapausoak herrietan bakarrik ez, mankomunitate osoan ere nabaritzen hasiak gara.

Herriek, hondakinen kudeaketa egoki eta jasangarri baten alde lanketa handiak egin dituzte. Hala, landa eremuan kokatuta ditugun 19 udalerriek euren hondakinak egoki kudeatzeko bidea hartua dute aspalditik. Herri hauen ardura eta nortasuna direlata, sortzen duten materia organikoa herrian bertan kudeatzen dute. Dagoeneko 14 herri dira eskualdean, eta urte hau amaitzerako,  beste 5ek ere bide bera hartuko dutela aurreikusten dugu.  

Eskualdean baditugu bestelako eredu egokiak aurrera eraman dituzten herriak ere. Ostiralean Ibarra ere batu zen, eta guztira, 7 herri ditugu eskualdean atez ateko bilketa eraginkorra egiten dutenak.

Herritarrak euren arduraren jabe jokatzen ari dira, eta sistemak hala bideratzen duenez, hondakinak oso ondo bereizten dituzte euren etxeetan.

Lanketa guzti hauei esker, birziklapen tasa %43ra eraman dugu eskualdean. Geroz eta gertuago dugu beraz, Europatik arautzen den  %60 birziklatze tasa  eta Gipuzkoar asko bezala, aipatutako zifrak lortzen jarraituko dugu tolosaldean ere.

Mankomunitatean gauden egunetik, helburu argia izan dugu fiskalitate ereduari dagokionez. Hain zuzen ere, sortsez besteko ordainketa dela justuena deritzogu. Orain arteko fiskalitate ereduarekin eskualdeko herritar guztiengatik ekarpen kopuru bakarra geneukan finkatuta  eta beraz  ez z en isladatzen herriek herritarrekin batera egindako lanketa, hori aldatu beharra zegoela ikusi genuen hasieratik. Hala, fiskalitate eredu aldaketa onartu dugu azken batzarrean.

Herri bakoitzari ematen zaion bilketa zerbitzuaren arabera eta sortzen duen hondakinen arabera egingo dio ekarpena Mankomunitateari. Ondorioz, argia edo urarekin gertatzen den moduan, errefusa gutxiago sortzen dutenek gutxiago ordainduko dute, eta gehiago sortzen dutenek, aldiz, gehiago.

Batzarrean onartu genuen beste gaia, prebentzioaren inguruan aurrera eramango den beste proiektu berri bat dugu. Hondakinen prebentzioari garrantzi handia ematen diogu, eta  Aldundiaren diru laguntzen bidez, konpostajearen laguntzaz prebentzio proiektuak aurrera eramaten jarraituko dugu.

Prebentzioa oinarri hartuta, bigarren konpostaje kanpaina bat eramaten ari gara egun,  eta 1200 konpostagailu gehiagoren ezarketa egiten ari gara eskualdean. Konpostajearen bidez, materia organikoa zabortegira ez bideratzeaz gain, sistematik ateratzen dugu; kosturik eragin gabe eta ongarria emanez herritarrei. Halako lanketei esker, 2013an, %11,5 gutxiago bideratu zen zabortegira. Beraz, ezin kendu garrantziarik herritarrok konpostajearen bidez egiten duzuen prebentzio lanari.

Proiektu berriaren gakoa, konpostajearen ezarketa berrietan oinarritzen da, horien jarraipena ere barneratuko delarik. Eta gainera, herri bakoitzean errefusaren karakterizazioa ere egingo da. Honek, garrantzi handia izango dugu, informazio baliagarri asko ematen baitu hobekuntzak egin ahal izateko. Plangintza guzti hau, bi proiektutan bereiziko da; alde batetik landa eremuan eta bestetik, urbanoetan (atez ateko bilketa sistema ezarrita dagoen  herrietan, Andoainen eta Tolosan).

Ekonomiari dagokionez, 2014ko aurrekontua onartu da. 6.388.700€koa hain zuzen ere.

2013ko likidazioari dagokionez, Mankomunitatea osasuntsu eta zorpetu gabe dagoela lasai esan dezakegu. Ekonomikoki gogorrak izaten ari diren garai hauetan, aurrez egindako kudeaketa desegokiak zuzendu eta ekonomikoki bideragarriagoa izango den kudeaketa ari gara aurrera eramaten. Herri bakoitzak jasotzen duen zerbitzua osotasunean ordainduz eta Mankomunitatea zorpetu gabe, gerakina inbertsioetarako erabiliko dugularik.  Helburutzat  ditugun prebentzioa, eta bilketa selektiboaren goratzea egikarituko dituzten plangintzak aurrera eramateko inbertsioak izango dira hauek.

Hala, Tolosa eta Andoaini eskua luzatzen diegu, euren hondakinak egokiago kudeatzeko lanketa egin dezaten. Bi herri hauen artean, eskualdeko biztanleriaren %55a osatzen dute, eta oso garrantzitsua da, eskualdean gainerako herriek egin moduan, hondakinekin arduraz jokatu eta kudeaketa eraginkorrago baten alde egiteko.

Eredu desberdinen gainetik, helburuak bermatzea da oinarria. Eta gu, helburuak, bete eta aurrerago iristen ari gara eskualdean ditugun eredu desberdinekin. Ez baitago errezeta bakarra, egiteko modua baizik. Herritarrek, ingurumenarekiko eta ondorengoekiko arduraz jokatzea da gakoa, herritarren parte hartzearekin soilik lortzen baitira, egun lortzen ari garen datuak.

Horregatik, gure eskualdeko herritarrei zorionak eman nahi dizkiegu. Datuek esaten duten moduan ondo ari baikara, eta oraindik ere hobeto egingo baitugu.

(argazkia: Ataria)

 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa