Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

2013|10|22

Ikaztegietan ere atez atekoaren inguruko informazio bulegoa ireki dugu

Ikaztegieta

Ikaztegietako herritarrak ere, hilabete gutxiren bueltan bilketa sistema berriarekin hasiko dira euren hondakinak kudeatzen. Eskualdean dagoeneko 5 herrik bilketa berriarekin funtzionatzen dute, eta emaitza ikusgarriak ematen ari dela nabaritzen da astez aste. Herri horietan, datuak iraultzea lortu da, eta hori ikusirik, Ikaztegieta herriak ere garbi du zein den jarraitu beharreko bidea.

Hala, atez ateko bilketa sistema Ikaztegietan nola garatu lantzen hasi ziren Ikaztegietako Udala, Tolosaldeko Mankomunitatea eta teknikariak. Irizpide tekniko eta ekonomikoak oinarritzat hartuz, herriarentzat kudeaketa egokiena diseinatu zuten elkarlanean, eta orain, hau herritarrei azaltzeko lanetan hasi dira. Batetik, gizarteratze prozesua deitu zaien batzar informatiboak izan dira pasa den ostiral eta larunbatean. Gainera, aste honetatik aurrera,  herritarrei zuzenduta egongo den informazio bulegoa ere irekita izango da.

Batzar hauetan, Iker Otamendi alkateak Udalak erabaki hau hartzeko izan dituen arrazoi desberdinak azaldu zituen, hala, ingurumenarekiko errespetua, herritarren ongizatea, bideragarritasun arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak azaldu zituelarik.

Teknikariek euren aldetik, atez ateko hondakin bilketa proposamenaren  berri eman zuten, aspektu teknikoak azalduz. Herria, bitan banatutzen da; landa ingurua eta herriko nukleoa. Bi hauetan, sistemak aldaera batzuk izango dituelarik. Hondakinen bilketa efizienteagoa izan dadin, landa ingurukoentzat 2 ekarpen gune izango dira, eta bertara eramango dituzte euren hondakinak, gaika sailkatuta. Gune hauetan sartu ahal izateko, giltza izango dute herritar hauek, eta nahi dutenean erabili ahalko dituzte.

Herriko gunekoek, berriz, portal edo ate ondoan kuboa utziz funtzionatuko dute. Egun bakoitzean, iluntzean, dagokion hondakina aterako dutelarik. Herritar hauek, emergentziaren bat dutenean edo hondakin kopuru handiak dituzten egunetan, landa eremukoen erabilekoak diren ekarpen gune horiek erabiltzeko aukera ere izango dute.

Alegiarekin duen gertutasunarengatik eta bilketa lanak errazago egiteko, bertako egutegi bera izango du Ikaztegietak ere. Kubo motak ere bai eta orokorrean, sistema bera izango da.

Ikaztegietaren kasuan, eta teknikariek azaldu bezala, edifikazio ez oso altuak izatean, kuboak zutabeetan zintzilikatu ordez, lurrean uzteko aukera eman diete herritarrei gehien bat. Hala, egunean zehar ez da ezer egongo kalean. Teknikari taldeak, euren proposamena egin dute, kuboak non utzi adieraziz, argazki muntai batekin. Argazki hauek, portal bakoitzean egongo dira ikusgai, eta azaroaren 5 arte izango dute herritarrek, euren aldaketak edo egiteko.

Paperaren edukiontzi komunitarioa nahi duten etxebizitzek, egun horretararte izango dute beta, honen eskaera egiteko.

Alegazioak eta eskaerak egiteko zein edozein galdera edo informazio  eskuratzeko, informazio bulego bat izango da irekita, urriaren 22tik aurrera Ikaztegietako Udalean. Astearteetan goizeko 9:00etatik 11:00etara eta asteazkenetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da irekita. Bertan, hezitzaile bat egongo da, eta atez atekoaren inguruko azalpen guztiak emateko prest izango da. Bertara ezin dutenek, ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus edota honako zenbaki honetara deituta egin dezakete: 661559757.

Azkenik, behar bereziak dituzten herritarrekin, Udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan adierazi nahi dugu.

 

Informazio bulegoa, Udaletxean:

Astearteetan, 9:00-11:00

Asteazkenetan, 18:00-20:00

ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus

661559757

 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa