Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

Birziklapen mailak handituz doaz, eskualdean ditugun eredu desberdinei esker

Abaltzisketa | Aduna | Albiztur | Alegia | Alkiza | Altzo | Amezketa | Andoain | Anoeta | Asteasu | Baliarrain | Belauntza | Berastegi | Berrobi | Elduain | Gaztelu | Hernialde | Ibarra | Ikaztegieta | Irura | Larraul | Leaburu-Txarama | Lizartza | Orendain | Orexa | Tolosa | Villabona | Zizurkil

Azken urteen isla izaten ari dira igaro ditugun lehen hilabete hauek, eta zuekin konpartitu nahi dugu eskualdearen aurrerapena.

Mankomunitatea osatzen duten herri guztiek dute dagoeneko aurrera daramaten edo eramango duten proeiktua esku artean. Herri bakoitzaren izaera edota ezaugarriak direlata, bakoitzak bere eredua garatu du.

Eskualdean gauzak hain garatuak izateak, eredu desberdinen araberako bilketak egitea ahalbidetzen digu. Hala, orain artean ez bezala, orain bilketa sistemeka banatuta, herrien datu errealagoak eskuratzeko aukeran gara.

Mankomunitatearen lan ildoak prebentzioari pixu handia eman izan dio azken urteetan. Hala, materia organikoa konpostajearen bidez kudeatu eta bilketa sistematik at jartzea izan da gakoa.

Prebentzioari ematen diogun garrantzi hori, emaitzak ematen hasia da dagoeneko: Iazko lehen 5 hilabeteak hartu eta aurtengo lehen bost hilabeteekin konparatzen badugu, 650 tona hondakin gutxiago sortu ditugu eskualdeko etxeetan; pertsonako 80 gramo egunean. Hori, konpostajeari esker, krisiaren ondoriozko kontsumo jaitsierari eta kontsumo arduratsuagoko ohiturak ditugulako izan dela uste dugu.

Konpostajean jarri dugu orain arte indar handiena, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Eskualdean, banakako, bizilagunen arteko zein auzo konpostajea egiten duten 1800 familia inguru baitaude. Horretarako, Mankomunitateik 1200 konpostagailu banatu ditugu.

Mankomunitateak eskaintzen dien zerbitzuaren arabera, gaur gaurkoz 3 taldetan banatzen ditugu eskualdeko udalerriak:

Alde batetik, landa eremuko herriak ditugu. Eskualdeko 19 udalerrik osatzen dute lehen multzo hau. Herri hauen bilketa, bateratua da dagoeneko eta Zero zabor izaeran lanean ari dira, euren organikoa herrian bertan kudeatuz eta errefusa ere kontrolpean izanez.  Dagoeneko 15ek hartu dute bide hau eta aurreratzean, gainerako herriek ere bide bera hartuko dute.

 Azken hilabeteetako datuak ikusita, %55,7an kokatzen da euren birziklapen tasa. Baina materia organikoa guztia herrian bertan kudeatzen dutenez konpostajearen bidez, birziklatzen den kopuru horri gehitu beharko genioke zabortegira bideratzen ez den kopuru hori ere. Era xume batean, azpiegitura handirik gabe eta herritarren arduraz egindako lana da hau, eta benetan eskertu eta zoriontzekoa dela deritzogu. Eskualde osoko biztanleriaren %14,3a izanagatik ere, 19 udalerri dira eta beraz, eskualdearen parte garrantzitsua osatzen dute.

Konparaketa interesgarria, landa eremuko herrietan konpostajearen lanketa egin aurretik eta egin ondoreneko datuena. Karakterizazio horretan, errefusaren edukiontzien edukia biltzen da astebetean zehar, eta bertan dauden hondakinen sailkapena egiten da. Argi denez, Larraulgo kasuan, oraindik lanketa egiteke zutenean, errefusa ez da beharko lukeena soilik. Birziklatu ahal zitekeen hainbat hondakin ere agertzen baitira. Aldiz, Berastegin jada lanketa egin ondoren egin zen karakterizazio bera, eta ikus daitekeenez, oraindik inpropio batzuk egonagatik ere, errefusera bideratzen den zati handiena, benetan errefusa da. Badago oraindik zer hobeturik (laurdena) baina aldaketa nabaria da ezbairik gabe.

Bestetik, atez ateko bilketa duten herriak ditugu: eskualdean dagoeneko 7 dira atez ateko bilketa eredua dutenak. Eta beraz, euren bilketa bereizia dute.

Alegia, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkil izan ziren orain dela urtebete eskualdean bilketa berri hau jartzen zuten lehenak. Ondoren, urte hasierarekin Ikaztegieta hasi zen, eta apirilean Ibarra ere gehitu zen eredu berera. Daramaten denbora tarteak desberdinak izanagatik ere, guztiak zoriondu beharreko lana egin dute, eta herritarren lan txalogarriari esker, emaitza paregabeak lortzen ari dira 7 herri hauek.  Azken hilabeteetan (Ibarrak ere parte hartzen duenetik), % 77,7an kokatu direlarik batazbestekoa eginda. Sistema berria ezartzean genituen aurreikuspenak betetzen ari gara, eta markatutako helburuak eskuratzen.

Errefusa, kopuru oso txikira igaro dela nabari dezakegu, lehengo %30aren ingurutik, %22ra jaistea lortu da sistema honen bidez. Organikoa biltzearen garrantzia ere nabaria da, etxeetan sortzen dugun hondakinik gehiena berau baita. Gainera, datu hauek jasotzen ez dituzten kopuruak ere kontutan hartu behar dira; atez ateko bilketa duten herrietako landa eremuan, organikoa norbanakoak konpostajearen bidez kudeatzen du, eta herriguneetan ere asko dira auzo zein banakako konpostagailuak erabiltzen dituztenak.

Aipatzekoa ere, paperaren portzentaia zerbait altuagoa izan beharko lukeela, Villabonako papera eta kartoia ez baitaude jasota datuotan.

Eskualdeko biztanleriaren %31ak, hartzen du parte atez ateko hondakinen bilketa ereduetan, eta aurrerago ikusiko dugun moduan, eskualdeko datuetan eragina du.

Azkenik, bi herri urbano ditugu: Tolosa eta Andoain. Gaur gaurkoz, oraindik hondakinen kudeaketan aldaketa ez dutenez egin, euren bilketa bateratuta dugu eta emaitzek ez dute azken hilabeteetan aldaketa nabaririk izan hauen kasuan; %30,2ko birziklapen tasa dutelarik. Horrek, datu globaletan eragin handia izaten du, eskualdeko biztanleriaren %54a osatzen baitute bi hiri hauek.

Bi hiriekin lanean ari gara eta gure baliabide guztiak euren eskura jarrita ditugu, eurek ere aurrerapenak egin eta hondakinak hobeto kudeatzen hasteko. Tolosaren kasuan, lanak aurreratuak ditugula esan daiteke, eta ikasturte berriarekin sistema egokiago bat martxan jartzeko aukeran izango gara.

Mankomunitateak zerbitzu ematen duen beste eremuak, herriguneetako bilketetatik at geratzen diren industriaguneak eta garbiguneen zerbitzua ditugu.

Industriagune eta enpresetan, birziklapen maila %47,8koa izan dugu urteko lehen hilabete hauetan. Zerbitzu hau, errefusa, kartoia eta egurraren bilketak osatzen dute.

Eta azkenik, Garbiguneek ematen dizkiguten emaitzak ditugu. Andoaingo garbigunea irailean irekita, aurtengo lehen hilabete hauetako datuak iazkoak baina altuagoak izan dira. %41a birziklatzen delarik garbiguneen bidez. Erabiltzaileen datuak ere baditugu; azken 5 hilabete hauetan, 2075 enpresak eta 3300 partikularrek erabili dituzte ditugun Tolosako eta Andoaingo garbiguneak. Bietan dugun berrerabilguneak berriz, 272 lagunek erabili dituzte.

Beraz, orain artean azaldutako datuak hartuta, eskualdean dugun birziklapen maila %42an kokatzen dugu aurtengo urtarriletik maiatzerako tartean. Iazko tarte berarekin konparatuta, diferentzia nabarmena ikus daiteke, orduan, eskualdean sortutako hondakin %35,5a birziklatzen baitzen.

 

ETROKIZUNA:

 Urtea amaitzerako, sistema desberdinak egonkortuago egongo dira eta Andoain eta Tolosak ere euren bilketa eredua eraginkortuko dutenez, urte amaierarako aldaketa gehiago aurreikusten ditugu. Tolosak, ikasturte hasierarekin batera, aurrerapausoa emango du bere bilketa sistema berriarekin, eta bere 18.500 biztanleek, ziur gaude eragin handia egiteko aukera izango dutela egun ditugun birziklapen zenbatekoetan.

Hurrengo ikasturteari begira jarrita, hainbat proiektu ditugu eskuartean:

Alde batetik, industriaguneei ematen zaien zerbitzua zabaldu eta hobetzeko pausoak emango ditugu. Euren eskaerei erantzunez, plastiko desberdinak biltzeko aukera zabalduko baitugu. Bilgarriak, flejeak, porexa eta plastiko zurrunak biltzeko zerbitzua martxan jartzea aurreikusten dugu udazkenean.

Orain artean bezala, prebentzioari eskutik helduta jarraituko dugu. Hala, konpostajea ezarpen eta jarraipen lanek aurrera jarraituko dute eskualdean. Materia organikoa herrietan bertan kudeatzeak duen garrantzia zabaltzen jarriatu nahi dugu, hondakinen sorrera prebentzioa gakoa baita.

Datorren ikastutean ere, herritarrekin eta herritarrentzat lanean jarraitzea izango dugu helburu. Hondakinen sortzaileak herritarrak geu garenez, erraztasunak eta laguntza eskaintzea gure lana izango da oraingoan ere.  Hala, hondakinen sorrera murriztea eta kontsumo ohitura arduratsuak izateak duen garrantzitsua zabaltzen jarraituko dugu. Tupperren kanpaina, pixoihal berrerabilgarriena zein pitxarren kanpainak garatuz, sentsibilizazioa eta informazioa zabaltzea izango ditugu helburu.

Orain artean bezala, herritarren parte hartzeari emango diogu indarra. Hondakinen sortzaileak direnez, hondakinen kudeaketa egokiak egiteko protagonistak eurak baitira. Herritarrengandik gertu jarraituko dugu, gure baliabideak eskura jarriaz eta laguntza emanez.

Guztion betebeharra da gauzak ongi egitea, eta Tolosaldeak baditu dagoeneko urte pare bat, bide horretatik doala. Hobetze lana besterik ez zaigu geratzen eskualde honetan, perfezkionatzea. Ezarketa gehienak eginak ditugu dagoeneko eta beraz, hauek txukundu zein eraginkorrago bihurtzea izango dugu gakoa. Guztion artean, orain arte bezala, ondo egiten jarraituko dugu.

 Ondo ari gara, eta hobeto egingo dugu. Konfidantza guztia dugu euren kudeaketa hobetu duten eta hobetuko duten herriengan. Aldaketak, ez dira goizetik gauera egiten, esfortzu txiki zein handiak eskatzen dituzte maiz, baina emaitzak balioko digu. Eskualde jasangarriago baterantz goaz, kudeaketa hobea duten herrietarantz, eta guztiok, Tolosaldea zein Gipuzkoa osasuntsuago bat egiten lagunduko dugu. Ingurumenari eta oraingo zein ondorengo gure herritarrei zor diegulako, jarrai dezagun bide eredugarri honetatik.

Elkarrekin, alde ederra egiten ari gara!

Material osagarria

 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa