Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

2013|10|28 - Birziklapena

Atez ate eta zurekin, alde ederra!

Alegia | Anoeta | Irura | Villabona | Zizurkil

Lehenik eta behin, Alegia, Anoeta, Irura, Zizurkil eta Amasa-Villabonatar guztiak zoriondu behar ditugu, lortutako emaitzak ikusgarriak izaten ari baitira. Eta dudarik gabe, emaitza horien atzean, herritarrak besterik ez daude. Argi dago, hondakinen bilketan errotiko aldaketa eman dugula eta honi esker, hondakinen bilketa ondo baino hobeto egiten hasi garela. Emaitza hauek, herritar bakoitzak egindako esfortzuren islada dira, eta herritar bakoitzaren emaitzak dira hauek.
Hilabete hauetan denok egokitu behar izan dugu sistema berrira. Herritarrek sistema honen inguruko mamuak uxatzeko aukera izan dute eta sistema bertatik bertara euren etxeetan ezagutzekoa ere bai. Gainera, bakoitzak egiten duen ahalegina zenbakietan isladatzen dela baieztatu dugu datuekin, eta denon lanari esker, gaikako bilketa datuak irauli ditugula ikus dezakegu.
 
Honako datu hauek erakusten digute birziklapenaren alde eta zero zabor norabidean benetan zerbait egin nahi badugu, bilketa eredu hau egokia dela. Lehen hilabete hauetan, 5 herri hauetako gaikako bilketa datuak irauli ditugu, %14,5etik %84,7ra eramanez. Hau bai dela ondo egitea.
 
Atez ateko sistema baten alde egitearen erabakia berretsi egiten dute datuok, izan ere, organikoa
selektiboki biltzean eta birziklatzea derrigorrezkoa izatearekin, zabortegira doan hondakin kopurua nabarmen murriztu da.
 
5 udal hauek, hasieratik azaldu zuten moduan hondakinen gaiarekin ere arduraz jokatuko zutenaren
hitza eman zuten. Horregatik, herritarrei gaika ongi sailkatu ahal izateko beharrezko baliabideak eskaini dizkie eta egoki kudeatu direnez ezarpenak, emaitzak berehalakoak izan dira.
 
Atez ateko sistemaren ibilbidea oso ona izaten ari da eta aurreikuspenak betetzen ari gara hilabete hauetan. Sistema berri bat ezartzeak sor ditzakeen ustekabeko jakin batzuez gain, bilketa normaltasunez burutzen da egunero, aparteko arazorik gabe.
 
Zoritxarrez, badira herritar batzuk oraindik ez dutenak onartu atez ateko bilketa sistema. Birziklatzea
herritarren ardura da, baina antza horrek arazoak sortzen dizkie hainbat herritarri. Baina eurek ez parte hartzeak ere kaltetzen ditu gainerako herritarrak. Izan ere, kalean zabor poltsak uztea ez da inorrentzat soluzio. Hondakin guztiak nahastuta kalean uztean, usain txarrak sortzen dira, eta bizilagunentzako errespetu falta izateaz gain, arriskua ere bada.
 
Horregatik, eta Mankomunitatearen ordenantzak hala adierazten duelako, herri bakoitzerako zehaztu den bilketa eredua ez errespetatzeak eta hondakinak leku desegokietan eta emandako baliabideak erabili gabe kalean uzteak, arau-hausteak dira. Hasieran ere esaten genuen bezala, eman aukera atez atekoari. Herritarren gehiengoak eman dio, eta guztien artean lortutako emaitzak paregabeak izaten ari dira.
 
Amaitzeko, berriz zoriondu nahi ditugu Alegia, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo herritarrak, hilabete gutxi hauetan lortutako emaitza onengatik.
 
Orain artean bezala, Udaletan zein herri bakoitzeko informazio bulegoetan edozein zalantza edo arazoren aurrean irtenbide bat emateko prest izango gara. Bide onetik goaz eta herritar guztien esfortzuari esker, emaitzak hala izaten jarraituko dutela ziur gaude. Herri, eskualde zein Gipuzkoa hobe, ederrago eta osasuntsuago bat lortzeko bidean ari gara. Ondorengoek eskertuko dute.
Zorionak! Alde ederra egiten ari gara!
 

Urtebeteko datuen aldaera ikusirik, adierazgarria da ekainetik aurrera izandako aldaketa. Argi erakusten du atez atekoa jarri arteko edukiontzien sistemak, ez zuela gehiagorako ematen. Aldiz, atez atekoa jarri zenetik, emaitzak iraultzea lortu da. Goranzko joera nabari da ere apirila eta maiatzean. Hau, besteak beste, “birziklapen bira” sentsibilizazio kanpainaren ondorio izan da.

Aurreko datuek bezala, baina era argiagoan erakusten du irudi honek, zer nolako aldaketa suposatu duen atez atekoak gaika sailkatzeari dagokionean. Saltoa, izugarria izan da. Zabortegira sortutako hondakinen %85,5 ematetik, %15,3 soilik ematera pasa gara. Horrek duen tratamentu gastu guztia aurreztuz.

 

Atez atekoari esker, gaika sailkatzea nahitaezko bihurtu da, eta orduan eman da gaika sailkatzearen
inguruan saltoa. Hala, nabaria da iazko irailean eta aurtengo irailean atez ateko herrietan bildu den hondakinen sailkatzeak izan duen aldaketa. Diferentzia benetan eragiten duena, materia organikoa bereiztea da. Lehen zabortegira eramaten zen hondakin guzti hori, gaur egun ongarri bihurtzeko erabiltzen da. Gauzak ongi egitean, emaitzak ere onak izaten dira.
 
Orokorrean, gaika sailkatzeak izan duen goranzko hori, gaika banatuta honela izan dela ikus daiteke.
 
 
-ONTZI ARINAK: hau da igoera nabarmenena. Eta hori, ontzi arinen pisua oso arina denik. Lehen eta oraingo datuak alderatuta, hilabete batzuetan, 3 aldiz gehiago sailkatu dela azpimarratzekoa da. Kaleko edukiontzien sistemaren bitartez, ezingo genukeen lortu halako emaitzarik. Gainera, birziklagarria izanik, sailkatu ondoren birziklatzera bideratzen diren ontzi arinengatik diru-sarrera datorkio Mankomunitateari.

-PAPERA ETA KARTOIA: frakzio honen goranzkoa ez da ontziena bezainbestekoa izan, ontziak baino gehiago bereizten genuen frakzioa delako. Hala eta guztiz ere zer hobeturik bazegoen, hala, hilabete batzuetan datuak bikoiztu egin direla ere ikusten da.(Kontutan izan behar da, Villabonako herritarrek paperaren edukiontziak dituztela herrian eta bertan bakarrik egindako bilketaren pixaketa aste betean egin dela eta datu honekin hilabete bateko kopurua kalkulatu da). Papera eta kartoia sailkatuta birziklatzera bideratzen dira eta hauek ere diru-sarrera dira.

-ERREFUSA: nabarmena da jauzia. Ohiturak aldatzea zaila izaten den bezala, datu hauek sistema berdinarekin jarraituz hobetzea ere hala zen. Atez atekoaren bidez, herritarrek gaika sailkatzeko ardura bete egiten dute, eta era honetara soilik eman ahal izan da errefusak eman duen jauzi hau. Hondakin ez birziklagarria bakarrik bideratzen da zabortegira eta ahalik eta gutxien sortzea da gakoa. Izan ere, zabortegien itxiera araututa du Europako legeak .
-ORGANIKOA: atez ate biltzen hasi bitartean ez da inoiz hondakin honen bilketarik egin gure eskualdean, beraz 0kg biltzetik, hilean 78.000kg inguru biltzera igaro gara. Hondakin organiko guzti hau, zabortegira ez doala esan nahi du eta ongarri bihurtzeko erabiliko dela. Zabortegian kalte handiak egitetik, baratze eta lorategiei on egitera bideratzen dugu guztia. Gainera, organikoa kudeatzeko konpostajea ere erabitzen dute herri hauetan, auzokonposta bidez edo autokonpostaren bidez, 350 familia inguruk parte hartzen dutelarik. Hala, atez ate biltzen diren kopuru guztiei, konpostaren biden urtean biltzen diren 100 tona inguru ere gehitu behar zaizkie.
 
OHARRA: erabili diren datu guztiak, atez ate biltzen diren gaienak dira (papera, ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa), beira, arropa, pila eta bestelakoak ez dira barnebiltzen datu hauetan.

 

 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa