Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

Andoaingo garbigunea ireki dugu

Abaltzisketa | Aduna | Albiztur | Alegia | Alkiza | Altzo | Amezketa | Andoain | Anoeta | Asteasu | Baliarrain | Belauntza | Berastegi | Berrobi | Elduain | Gaztelu | Hernialde | Ibarra | Ikaztegieta | Irura | Larraul | Leaburu-Txarama | Lizartza | Orendain | Orexa | Tolosa | Villabona | Zizurkil

Gaur goizean, Tolosaldeko Mankomunitateak bere bigarren Garbigunea inauguratu du. Lehena, Tolosako San Blas auzoan kokatuta dago eta bigarren hau, Andoaingo Leiotz industriagunean ireki dugu.
Hilabeteak pasa ditugu lanean, eta azkenean, gaurkoan poz handiz, gune hau martxan jartzeko eguna iritsi zaigu.
 
Eskualdean bigarren Garbigunea dugu, eta Tolosakoak bezala, herritarren erabilera handia izatea espero dugu honek ere. Garbigune batek, hondakinak zabor bihurtu baino, hauei balioa ematean du funtsa. Hondakinak sailkatzean, beharrezko tratamentua egiteko aukera zabaltzen baita.
 
Hala, guztira 12 hondakin multzo sailkatzeko aukera ematen da bai edukiontzi handi hauen bidez, eta baita teilatupe horretako gunearen bidez ere. Bertan gainera, 14 hondakin arriskutsu sailkatu ahalko dira.
 
Tolosaldeko Mankomunitatearen helburua, ahalik eta aukera zabalena ematea da, horrela, gehiago sailkatzea eta beraz, zabortegietara gutxiago eramatea lortuko baita. Eskualdeko herritar guztientzat eskaini nahi den zerbitzu bat da, eta Tolosakoa bezalaxe, doakoa.
 
Garbigune honetan, Tolosakoan bezala, berrerabilgunearen zerbitzua ere emango da. Horrela, norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektriko etabar, ekarri daitezke gune honetara, eta bertan egongo diren antzeko gauzak ere hartzeko aukera izango da. Erabiltzen dugun edozerk izan dezake bizi berri bat, beste norbaiten eskuetan, eta asmo horrekin sortua dago berrerabilgunea.
 
Irekitze ekitaldi honetan, lankidetza bat ere azpimarratu nahi dugu. Izan ere, San Markoko mankomunitatearekin lankidetza bat martxan dugu, eta horri esker, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriez gain, Urnietako herritarrek ere erabili ahalko dute Andoaingo Garbigune hau.
 
Eskualdean helburu garbiak ditugu markatuta, eta gaurko honetan ere noranzko horretan kokatzen gaituen pauso bat ematen ari gara. Tolosakoarekin batera, Andoaingo garbigune honek, orduan eta gehiago sailkatzea bideratzen lagunduko digu eta beraz, zabortegietara ahalik eta gutxien eramatea lortuko dugu.
 
Lehengaien ustiaketa mugagabe baten aurrean, hondakinak errekurtso bezala kudeatzea da helburua. Ingurumenaren eta bideragarritasunaren alde batez ere, baina baita eskualde garbi, txukun eta osasuntsuago bat eraiki nahi dugulako ere. Herritarron ongizatea guztion esku dago; bide horretan gaude, eta ziur, denon artean eta garbigune hau bezalako aurrerapausoekin, bidea errazago egingo dugula.
 
Urriaren 8tik aurrera, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriek eta Urnietarrek ere erabili ahalko dute. Izan ere, San Markoko Mankomunitatearekin duen lankidetzari esker, Urnietaren gertutasun geografikoa izanik, bertako herritarrei ere doako zerbitzu hau eskaintzeko aukeran izango da Tolosaldeko Mankomunitatea.
 
Inaugurazio ekitaldian, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herriteako hainbat ordezkari izan dira, eta Andoaingo Udaleko hainbat politikari ere bertaratu dira.
 
Hitza hartzen, Ainhoa Ugalde Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakaria, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Diputatua den Iñaki Errazkin izan dira.
 
 
 
 
 
 
 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa