Tolosaldeko Mankomunitatea

Albisteak

Hondakinen sailkapena
2013|03|15 - Konpostajea | Birziklapena

2. karakterizazioa egin da Orexa, Zero Zabor herrian

Orexa

Errefusaren azterketa honetan, konpostajeari esker eta birziklapenari esker, errefusaren kopurua nabarmen jaitsi dela ikusi da.

Orexan, Zero Zabor herri izateko erabakia hartu zen eta bide horretan, herriko organikoa bere osotasunean herrian bertan tratatuko zela hitz eman zen eta horrela ari da. Eneko Maioz alkateak aipatu bezala, “Orexarrok harro esan dezakegu, gaur, zero zabor herri garela eta sortzen ditugun hondakinak ere efiziente eta arrazional batean kudeatzen ditugula”.

Orain dela sei hilabete, irailaren 28an egin zen Orexan lehen karakterizazioa; errefusa aste betean bildu gabe eduki eta datu esanguratsuak atera ziren azterketa horretatik. Ustez, Orexan denek birziklatzen zuten baina zoritxarrez, karakterizatutako hondakinen %30 bakarrik zen errefusa eta beste %70 birziklagarria zen (erdia bana gehiago organikoa).

Gaurkoan, bigarren karakterizazio honekin, bilketa sistema desberdina planteatu zenetik emaniko aldaketa aztertu nahi izan da Orexan. Horrela, errefusari dagokion frakzioa aztertu da gaurkoan ere, eta oraindik ere datu zehatzak ezin badira ere eman, nabarmen ikusi da ontzi arinen kopurua asko jaitsi dela; bestetik, konpostajeari esker organikoaren presentzia ere aurrekoarekin konparatuta oso kopuru txikitan ikusten da. Eneko Maiozentzat, zoriontzekoa da Orexarren lana, eurak izango baitira sistema honen ardatza eta arrakastaren giltza.

Nahiz eta askotan entzun hondakinen gaiak ez duela soluziorik eta irtenbide bakarra erraustegia dela, eskualdean egiten ari garen aldaketekin erakusten ari gara ez dela hala. Ohitura aldaketa txiki batzuekin, aldaketa itzelak emateko aukera dagoela ikusten ari gara. Gizarte erantzukizuna ardatz harturik, denon ongizatea helburu duen eta ondorengoei mundu hobe bat uzteko sistema bat eraiki nahi da.

Orexak hartu duen bidearekin eta eskualdean zein Gipuzkoan beste hainbat herrik hartu duten eta hartuko duten bidearekin, hondakinen gaiak soluzioa baduela argi ikusten da. Denen artean, alde ederra markatzeko aukera dago!

 

Iruzkina egin

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua | Diseinua eta garapena iametza interaktiboa